2008-03-31

Ikaste Kooperatiboa

Pertsonalki orain urte batzuk deskubritu nuen irakaskuntzarekiko nire bokazioa eta esan beharra daukat irakaskuntza gustuko dudala baina, orain ia bi urte, inori ezer irakastekorik ez nuela ondorioztatu nuen. Kasurik onenean, egin dezakedan bakarra ikastea erraztarazi eta ezagutza hori elkartrukatzea da. Janaria erakutsi dezaket, baina inork ez badu jaterik nahi, nik ezin dut ezer egin.

Egin nuen gogoeta pertsonaletik ondorioztatu nuen gaur egungo gazteak inoiz baino baldintza hoberenetan aurkitzen direla beraien ikaste potentziala garatzeko, beti ere askatasun eta erantzukizun testuinguru bat eskaintzen bazaie. Askatasuna parte hartzeko ala ez, beraien kabuz ikasteko eta emozioak azaleratzea ahalbidetzeko. Erantzukizuna, beraien erantzun gaitasuna erabiltzeko eta era helduan parte hartzeko.

Ikaste kooperatibo baterako ezinbestekoa da ideia hau. Sistema honekin ikasten dutenak aske izan behar dute beraien ikaste estilo eta edukiarekin esperimentatzeko eta beraien ekintzen bitartez ikaste estilo eta eduki horietan eragiteko. Baina, era berean, sistema honek eskaintzen duen askatasun erlazioak gaizki erabilia izatearen arriskua du (modu deliberatu edo oharkabean). Ikaste kooperatiboa ahalik eta gehien aprobetxatzeko, honek eskaintzen duen askatasunaren erabilpen arduratsu bat egitea ezinbestekoa da.

Hausnarketa hartatik atera nuen beste ondorioetako bat pertsonek berariaz ikasteko interesa dutela da… eta nik ikastea prozesu sozial, kolektibo eta komunitario bezala ikusten dut. Ezagutza partekatzea ez da zerbait ematea, hartzea edo jasotzea. Ezagutza partekatzea pertsonak jarduteko beharrezkoak dituzten gaitasunak garatze bidean elkar-laguntzeko prest daudenean gertatzen da. Ezagutza partekatzea ikasteko diseinatua dagoen prozesua da.

Baina benetan, ikaste prozesuan grinatzea eta konprometitzea “ezagutza” modu erakargarri, interesgarri eta praktiko baten eskainia denean lortzen da bakarrik. Bide horretan dihardugu Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultatean, baina oztopo eta inertziak handiak dira eta nagusienak ez, hain zuzen, ezagutza horren jagole direnen aldetik, ezagutza bere domeinukoa dela pentsa eta noiz, nola, nori, zertarako… eman behar zaion pentsatzen dutenen aldetik baizik.

2008-03-26

Lehena

Askori blog bat sortzeko asmoa nuela iragarri nienetik denboratxoa pasa da eta azkenean gaur, martxoak 27, hemen abiarazten det nire orri partikularra.

Nor naiz? Iosu Lizarralde naiz, jaiotzez oñatiarra nahiz eta gaur egun Oñati eta Hendaia artean bizi naizen. Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultatean dihardut lanean nahiz eta nere lan jardunaren zati bat Saiolanen burutu.

Zein xede du blog honek? Bertan nire gogoetak islatzea da nere asmoa, baina zein gairi buruzko gogoetak? Axola zaizkidan gai guztiei buruz egiten ditudan gogoetak argitaratzea pentsatzen det baina bereziki enpresa antolaketa, unibertsitate eredua, estrategia, ekintzailetasuna, lurralde/nazio garapenak, Euskal Herria, gizarte kapitala... izango dira blog honen ardatz.

Euskara izango da lehenetsiko dudan hizkuntza, nere ama hizkuntza delako eta Unamunok bere garaian ez bezala (gogoratu bere hitzok: "El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido (...) El vascuence se extingue (...) Enterrémosle santamente”), euskarak bizitza modernoan bidea duela pentsatzen dudalako. Baina euskara lehenetsi arren beste hizkuntza batzuetan argitaratzea ez dut baztertzen.

Besterik gabe ez nuke eskertu gabe utzi nahi Murgu-k abiarazte honetan eskaini didan laguntza eta besteei datozen egun, aste, hilabete eta urteetan elkar ezagutzen joango garela besterik ez.

Iosu