2008-05-12

Urrutiko haizea

Gaurkoa zuentzat dela dakizuenentzat,

Gau hontan geratu naiz haizearen ziztua entzuten,
Haizearen ziztua urrunetik dator, urrunera doa,
ahots batzuk ekarri eta berriz badoa.
Ahotsak asko.
Batzuk apal eta goxoak, zure laztanak bezalakoak.
Haizearen ziztua urrunetik dator, urrunera doa,
igurtzi ugari ekarri eta berriz badoa.
Badira hozkirri goxoz iparretik jalgiak
geure mendi xokotan jaikiak.
Besteak hego haize astun sukartsuak
non bahiturik gauden oroitzen nautenak.
Besteak aldiz ozenak, askatasun grinaren oihartzunak.
Haizearen ziztua urrunetik dator, urrunera doa,
neure ahotsa hartu eta berriz badoa,
igurtziekin batera zeuengana doa.

2008-04-18

Proiektu Partekatua

Asko preziatzen dudan lagun eta lankidearentzat gaurkoa…


Azkenaldian Mondragon Taldeko kooperatiba guztiak (ta kooperatiba ez direnak ere) hausnarketa estrategiko prozesuan gaude murgildurik. Estrategia inguruan lanean dihardudalako kasu batzutan eta kooperatiba organoko partaide naizelako beste kasutan, aukera izaten ari naiz kooperatiba ezberdinen kasuak entzuteko eta kasu askotan gai, beldur, iritzi, aukera, etab. berdinak azaleratzen ari dira.


Errepikatzen diren hitzen artean aurkitzen dira proiektu partekatu bat sortu (proyecto compartido delakoa), diferentziala bilatu (askotan diferentzial hori guk uste dugunetik eta ez merkatuak baloratzen duenetik definitzen hanka sartzen dugun arren), bezeroen asetzean saiatu, aldaketei aurreratu… bezalako asmoak. Gaurkoan lehendabizi aipatutakoari helduko diot, hurrengo aipatzen diren guztiei ere datozen egunetan helduko diodala hitzematen dizuet ordea.


Proiektu partekatuari buruz Alfonso Vazquezek idazten duen artikulu batean honela esaten du:



“Compartir, según el diccionario, significa repartir (la merienda, por ejemplo) o poseer algo en común (la vivienda, por ejemplo). Ciertamente, la cultura corporativa tradicional comparte el proyecto empresarial definido por la dirección a través del desmenuzamiento de objetivos y tareas asignadas a los miembros de la organización para contribuir a la consecución del todo (del proyecto finalista). Reparte.”


Partekatu hitza Elhuyar hiztegian begiratzen badugu bi adiera hauek aurki ditzakegu:



  • partekatu; banatu, partitu
    Compartieron el premio para que cada uno disfrutase de su parte: saria partitu zuten nork bere zatia izan zezan.

  • partekatu; ... bera izan (dagokion aditzarekin)
    Mi hermano y yo compartimos la misma habitación: anaia eta biok gela bera daukagu.
    Esos dos pueblos comparten un legado histórico: bi herri horiek ondare historikoa partekatzen dute.

Hausnarketa estrategikoetan proiektu partekatuaren gaia ateratzen denean zein adierari buruz ari gara?


Gutxi batzuk proiektua definitu eta zati txikitan erakundeko pertsona bakoitzari banatzeari buruz ala, ezberdintasunak ezberdintasun, guztiok proiektu bera izan eta eraikitzeari buruz?


Erakundeko kide bati proiektuan sinetsi dezan eskatzen zaionean zer ari gatzaio esaten?


Uste dut, kasu batzuetan, besteek diseinatu duten proiektutik berari banatu zaion zatia diseinatu dutenen gustuaren arabera egiteko eskatzen ari gatzaiola eta horrek zail egiten du proiektu partekatuak bigarren adierak esaten duen esanahia hartzea.

2008-04-15

Habia

Eskatzen duen nagusi baten parean beti dago erantzuna ematen duen behargin bat. Paradigma zaharrean beharginak behin eta berriz bere buruari egiten zion galdera hau zen: “Zer nahiko du gaur nire nagusiak? Zer egiteko eskatuko dit?” Eta segur aski bere ekintzak bere nagusiak eskatzen zion hori burutzea egongo ziren mugatuak.

Erakundeen egituretan horizontalizazio eta kideen arteko erlazioen oreka bilatze prozesu baten goazen azken hamarkadetan ordea, beharginak beste galdera batzuk egiten hasten dira: “Zeintzu dira nire erantzukizunak erakunde honetan? Zein ekarpen eta emaitza espero dira nitaz?Zein balio erantsi behar dut erakundeak osotasunean balioa erants dezan?Zein da ekoizkorren izango naizen lan-eremua?

Galdera hauek posible izan zitezen, aurretiaz bi premisa existitu beharko ziren: erantzukizuna eta askatasuna. Erantzukizuna bakoitzak lana bere gain hartzeko, bakoitzaren ekarpen eta balio erantsi bakar bezala. Askatasuna bakoitzak bere kabuz etorkizuna irudikatu eta pentsatzeko. Ez da arrautza, ezta oiloa ere. Metaforaz jarraitzeko esan genezake habia dela: arrautza… eta oiloa jaiotzen diren testuingurua.

Testuingurua sustatu, habia

Askatasun erantzule bateko testuinguru egoki baten, erantzukizunak onartzeaz gain, erantzukizun berriak bilatzen dituzte pertsonek. Borondatez? Bai. Bere lanaren emaitzak ikusi, zer egiten ari diren jakin, helburuak ezagutu, dauden lekuan zergatik dauden ulertu, helmugak finkatu eta lortzeko zer eskatzen zaien ezagutzea ahalbidetzen duen askatasunetik abiatuz. Jada ez da goitik behera motibatzen, baizik eta auto-motibaziorako baldintzak sortzen dira.

Horretarako ezinbestekoa da enpresak pertsona sentiberez gidatuak izatea. Iraganean “Erakutsidazu eta ikusiko dugu” esaten zuen nagusitik “zugan konfiantza dut, erakutsidazu egiteko gai zaren guztia” esaten duen liderrera pasa behar da enpresaren gidaritza

Behar bada ez gara inoiz ados jarriko zein datorren lehenbizi: arrautza edo oiloa, askatasuna edo erantzukizuna. Dakiguna da biak lotzen dituen eta elkarrekintzaz aritzea posible egiten duen zubi bat badela da, eta zubi hori KONFIANTZA da.

2008-04-02

Ez da nire lana

Ondorengo hau lau pertsonen istorioa da: Guzti, Norbait, Edozein eta Inor

Lan garrantzitsu bat zegoen egiteko.
Guztiek pentsatzen zuten Norbaitek egingo zuela.
Edozeinek egin zezakeen, baina Inork ez zuen egin.
Norbait asko haserretu zen, Guztien lana zelako.

Zer gertatu zen? Zergatik ez zen lan garrantzitsu hura burutu?


Guztiek pentsatu zuten Norbaitek egin zezakeela, baina Inor ez zen ohartu Guztiek ez zutela egingo. Orduan Guztiek Norbaiti bota zion errua…Inork ez zuenean egin Edozeinek egin zezakeena.



Istorio hau sarri proposatzen diet nire ikaskideei (ez zait nire ikasle deitzea gustatzen ikaste prozesua elkarrekintza bezala ulertzen baitut eta nik ere beraiengatik ikasten dudalako) irakurtzeko, batipat data jakin baterako lanak entregatzeko konpromisoa hartzen dutenean eta data iristean mota guztietako aitzakiekin etortzen zaizkidanean.


Baina haratago joanda eta hezkuntza eremutik aterata pentsatzen dut istorio baliagarria izan daitekeela beste eremu batzuetan ere. Nire ustez, gatazka laboral, politiko eta sozial ezberdinak konpon zitezkeen besteek egingo duten itxaropenean egon ordez, bakoitzak bere zatia egingo balu.

Arrakasta kolektiborako baldintza erantzukizun indibiduala da

2008-03-31

Ikaste Kooperatiboa

Pertsonalki orain urte batzuk deskubritu nuen irakaskuntzarekiko nire bokazioa eta esan beharra daukat irakaskuntza gustuko dudala baina, orain ia bi urte, inori ezer irakastekorik ez nuela ondorioztatu nuen. Kasurik onenean, egin dezakedan bakarra ikastea erraztarazi eta ezagutza hori elkartrukatzea da. Janaria erakutsi dezaket, baina inork ez badu jaterik nahi, nik ezin dut ezer egin.

Egin nuen gogoeta pertsonaletik ondorioztatu nuen gaur egungo gazteak inoiz baino baldintza hoberenetan aurkitzen direla beraien ikaste potentziala garatzeko, beti ere askatasun eta erantzukizun testuinguru bat eskaintzen bazaie. Askatasuna parte hartzeko ala ez, beraien kabuz ikasteko eta emozioak azaleratzea ahalbidetzeko. Erantzukizuna, beraien erantzun gaitasuna erabiltzeko eta era helduan parte hartzeko.

Ikaste kooperatibo baterako ezinbestekoa da ideia hau. Sistema honekin ikasten dutenak aske izan behar dute beraien ikaste estilo eta edukiarekin esperimentatzeko eta beraien ekintzen bitartez ikaste estilo eta eduki horietan eragiteko. Baina, era berean, sistema honek eskaintzen duen askatasun erlazioak gaizki erabilia izatearen arriskua du (modu deliberatu edo oharkabean). Ikaste kooperatiboa ahalik eta gehien aprobetxatzeko, honek eskaintzen duen askatasunaren erabilpen arduratsu bat egitea ezinbestekoa da.

Hausnarketa hartatik atera nuen beste ondorioetako bat pertsonek berariaz ikasteko interesa dutela da… eta nik ikastea prozesu sozial, kolektibo eta komunitario bezala ikusten dut. Ezagutza partekatzea ez da zerbait ematea, hartzea edo jasotzea. Ezagutza partekatzea pertsonak jarduteko beharrezkoak dituzten gaitasunak garatze bidean elkar-laguntzeko prest daudenean gertatzen da. Ezagutza partekatzea ikasteko diseinatua dagoen prozesua da.

Baina benetan, ikaste prozesuan grinatzea eta konprometitzea “ezagutza” modu erakargarri, interesgarri eta praktiko baten eskainia denean lortzen da bakarrik. Bide horretan dihardugu Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultatean, baina oztopo eta inertziak handiak dira eta nagusienak ez, hain zuzen, ezagutza horren jagole direnen aldetik, ezagutza bere domeinukoa dela pentsa eta noiz, nola, nori, zertarako… eman behar zaion pentsatzen dutenen aldetik baizik.

2008-03-26

Lehena

Askori blog bat sortzeko asmoa nuela iragarri nienetik denboratxoa pasa da eta azkenean gaur, martxoak 27, hemen abiarazten det nire orri partikularra.

Nor naiz? Iosu Lizarralde naiz, jaiotzez oñatiarra nahiz eta gaur egun Oñati eta Hendaia artean bizi naizen. Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultatean dihardut lanean nahiz eta nere lan jardunaren zati bat Saiolanen burutu.

Zein xede du blog honek? Bertan nire gogoetak islatzea da nere asmoa, baina zein gairi buruzko gogoetak? Axola zaizkidan gai guztiei buruz egiten ditudan gogoetak argitaratzea pentsatzen det baina bereziki enpresa antolaketa, unibertsitate eredua, estrategia, ekintzailetasuna, lurralde/nazio garapenak, Euskal Herria, gizarte kapitala... izango dira blog honen ardatz.

Euskara izango da lehenetsiko dudan hizkuntza, nere ama hizkuntza delako eta Unamunok bere garaian ez bezala (gogoratu bere hitzok: "El vascuence no puede acomodarse a la vida moderna (...) Bilbao hablando vascuence es un contrasentido (...) El vascuence se extingue (...) Enterrémosle santamente”), euskarak bizitza modernoan bidea duela pentsatzen dudalako. Baina euskara lehenetsi arren beste hizkuntza batzuetan argitaratzea ez dut baztertzen.

Besterik gabe ez nuke eskertu gabe utzi nahi Murgu-k abiarazte honetan eskaini didan laguntza eta besteei datozen egun, aste, hilabete eta urteetan elkar ezagutzen joango garela besterik ez.

Iosu