2008-04-18

Proiektu Partekatua

Asko preziatzen dudan lagun eta lankidearentzat gaurkoa…


Azkenaldian Mondragon Taldeko kooperatiba guztiak (ta kooperatiba ez direnak ere) hausnarketa estrategiko prozesuan gaude murgildurik. Estrategia inguruan lanean dihardudalako kasu batzutan eta kooperatiba organoko partaide naizelako beste kasutan, aukera izaten ari naiz kooperatiba ezberdinen kasuak entzuteko eta kasu askotan gai, beldur, iritzi, aukera, etab. berdinak azaleratzen ari dira.


Errepikatzen diren hitzen artean aurkitzen dira proiektu partekatu bat sortu (proyecto compartido delakoa), diferentziala bilatu (askotan diferentzial hori guk uste dugunetik eta ez merkatuak baloratzen duenetik definitzen hanka sartzen dugun arren), bezeroen asetzean saiatu, aldaketei aurreratu… bezalako asmoak. Gaurkoan lehendabizi aipatutakoari helduko diot, hurrengo aipatzen diren guztiei ere datozen egunetan helduko diodala hitzematen dizuet ordea.


Proiektu partekatuari buruz Alfonso Vazquezek idazten duen artikulu batean honela esaten du:



“Compartir, según el diccionario, significa repartir (la merienda, por ejemplo) o poseer algo en común (la vivienda, por ejemplo). Ciertamente, la cultura corporativa tradicional comparte el proyecto empresarial definido por la dirección a través del desmenuzamiento de objetivos y tareas asignadas a los miembros de la organización para contribuir a la consecución del todo (del proyecto finalista). Reparte.”


Partekatu hitza Elhuyar hiztegian begiratzen badugu bi adiera hauek aurki ditzakegu:



  • partekatu; banatu, partitu
    Compartieron el premio para que cada uno disfrutase de su parte: saria partitu zuten nork bere zatia izan zezan.

  • partekatu; ... bera izan (dagokion aditzarekin)
    Mi hermano y yo compartimos la misma habitación: anaia eta biok gela bera daukagu.
    Esos dos pueblos comparten un legado histórico: bi herri horiek ondare historikoa partekatzen dute.

Hausnarketa estrategikoetan proiektu partekatuaren gaia ateratzen denean zein adierari buruz ari gara?


Gutxi batzuk proiektua definitu eta zati txikitan erakundeko pertsona bakoitzari banatzeari buruz ala, ezberdintasunak ezberdintasun, guztiok proiektu bera izan eta eraikitzeari buruz?


Erakundeko kide bati proiektuan sinetsi dezan eskatzen zaionean zer ari gatzaio esaten?


Uste dut, kasu batzuetan, besteek diseinatu duten proiektutik berari banatu zaion zatia diseinatu dutenen gustuaren arabera egiteko eskatzen ari gatzaiola eta horrek zail egiten du proiektu partekatuak bigarren adierak esaten duen esanahia hartzea.

No hay comentarios: