2008-04-15

Habia

Eskatzen duen nagusi baten parean beti dago erantzuna ematen duen behargin bat. Paradigma zaharrean beharginak behin eta berriz bere buruari egiten zion galdera hau zen: “Zer nahiko du gaur nire nagusiak? Zer egiteko eskatuko dit?” Eta segur aski bere ekintzak bere nagusiak eskatzen zion hori burutzea egongo ziren mugatuak.

Erakundeen egituretan horizontalizazio eta kideen arteko erlazioen oreka bilatze prozesu baten goazen azken hamarkadetan ordea, beharginak beste galdera batzuk egiten hasten dira: “Zeintzu dira nire erantzukizunak erakunde honetan? Zein ekarpen eta emaitza espero dira nitaz?Zein balio erantsi behar dut erakundeak osotasunean balioa erants dezan?Zein da ekoizkorren izango naizen lan-eremua?

Galdera hauek posible izan zitezen, aurretiaz bi premisa existitu beharko ziren: erantzukizuna eta askatasuna. Erantzukizuna bakoitzak lana bere gain hartzeko, bakoitzaren ekarpen eta balio erantsi bakar bezala. Askatasuna bakoitzak bere kabuz etorkizuna irudikatu eta pentsatzeko. Ez da arrautza, ezta oiloa ere. Metaforaz jarraitzeko esan genezake habia dela: arrautza… eta oiloa jaiotzen diren testuingurua.

Testuingurua sustatu, habia

Askatasun erantzule bateko testuinguru egoki baten, erantzukizunak onartzeaz gain, erantzukizun berriak bilatzen dituzte pertsonek. Borondatez? Bai. Bere lanaren emaitzak ikusi, zer egiten ari diren jakin, helburuak ezagutu, dauden lekuan zergatik dauden ulertu, helmugak finkatu eta lortzeko zer eskatzen zaien ezagutzea ahalbidetzen duen askatasunetik abiatuz. Jada ez da goitik behera motibatzen, baizik eta auto-motibaziorako baldintzak sortzen dira.

Horretarako ezinbestekoa da enpresak pertsona sentiberez gidatuak izatea. Iraganean “Erakutsidazu eta ikusiko dugu” esaten zuen nagusitik “zugan konfiantza dut, erakutsidazu egiteko gai zaren guztia” esaten duen liderrera pasa behar da enpresaren gidaritza

Behar bada ez gara inoiz ados jarriko zein datorren lehenbizi: arrautza edo oiloa, askatasuna edo erantzukizuna. Dakiguna da biak lotzen dituen eta elkarrekintzaz aritzea posible egiten duen zubi bat badela da, eta zubi hori KONFIANTZA da.

2 comentarios:

ammur dijo...

Konfiantza eta pertsonengan sinestea ezinbestekoa da pertsonak motibazio maila altua izan eta partaide sentitzeko.

Guztiz ados esan duzunarekin baina enpresa horizontalagoa bihurtzeko, pertsona egokiak egon beharko lirateke ez?Askok ez baitakite agindu bat eman edo zer egin behar duten esan arte ipurdia mugitzen

Iosu Lizarralde dijo...

Eman al zaie horretarako aukera? Printzipioz pertsona guztiak iruditzen zaizkit egokiak.

Zein izan ohi da pertsonarik egokiena gai baten inguruan erabakiak hartzeko? Nire ustez, erabaki hori hartzeko beharrezkoa den informazioa (diren informazioak) duena. Eta nork du beharrezkoa den informazio gehien bakoitzaren lan esparruan hartu behar diren erabakiak hartzeko? Norbanako bakoitzak.

Gertatzen dena da erabaki bat hartzerako orduan normalean informazio bat baino gehiago behar dela, hau da, informazio iturri ezberdinak behar ditugu. Horizontalizazioak enpresan dauden iturri guztiak ireki beharko lituzke norberak nahi duentik edan dezan hartu beharreko erabakia hartu aurretik. Informazioa azken finean boterea da. Egitura bertikaletan goian konzentratzen da informazio/botere hori eta han daudenak izaten dira erabakitzaileak. Horizontaltasunak informazioa egitura guztian zabaltzeaz gain erabaki ahalmena zabaldu beharko luke. Hori baita azken finean erakundeen ikaste-prozesurako gakoa.